YouVersion Logo
Search Icon

ZENBAKIAK SARRERA

SARRERA
Liburuaren eraketa eta ingurugiro historikoa
«Zenbakiak» grekozko antzinako itzulpenaren titulua da, liburuan hain ugariak diren izen-bilketa eta zenbakiengatik ezarria. Hala ere, hobeto datorkio edukiari hebreerazkoak, liburuaren lehen esaldiko hitzik garrantzitsuena hartuz, ematen dion izenburua: «Basamortuan». Lebitarrena —lege hutsez osaturiko liburua— hutsartea izan da narrazioari dagokionean. Zenbakiak liburuan martxan jartzen da berriro herria: Sinaitik abiatu eta Moabeko lautadara, Lur Santuko ateetara, iritsiko da, berrogei urteko itzulinguru luzea egin ondoren.
Basamortuan zeharreko ibilbideari buruzko tradizio historikoak zehaztasun eta ziurtasunez balioztatzea oso zaila da.
Apaiz-eskolako azken egileak, erbestealdi aldera, eman zion liburuari bere behin betiko moldea; horren arabera, herri osoa da, ongi lerraturiko gudaroste gisa, leinuka sailkatua, prozesioan bezala basamortuan aurrera egiten duena. Testuak aurkezten dizkigun pasadizoak eta kontakizunak oro har zenbait lege ezartzeko marko eta bide dira. Beraz, Zenbakiak liburua osatzen duten gai gehienak eta beraren azken egitura erbestealdiko apaiz-eskolari zor zaizkio.
Ezaugarri nagusiak
Liburuaren eskema nagusiak azaltzen duenez, geografi datuek egituratzen dute liburua.
—Lehen zatian (1,1—10,10), herriak Sinai mendi inguruan jarraitzen du. Kanpalekuan herriaren izen-bilketa eta leinuen antolaketa egiten dira martxarako prestatzeko. Kanpamendutan banatutako leinuen erdian Jaunaren presentzia adierazten duen elkarketa-etxola dago, eta inguruan beraren zerbitzura dauden lebitarren senitarteak.
—Bigarren zatian (10,11—21,35), Sinai eta Moabeko lautada arteko ibilbidea kontatzen zaigu. Itsaso Gorritik Sinai bitarteko bidearen segida da (ik. Ir 15—18). Orduan bezala, herriaren kexa eta marmarrak dira nagusi atal honetan, baita Moisesen bitartekotza ere Jainkoarengandik herri burugogorrarentzat barkamena lortzeko.
—Azken zatia (22,1—36,13) Moabeko lautadan, Kanaanen aurrez aurre, gertatzen da. Aipagarriak dira Balaamen lau poemak (22—24), Pentateukoaren iturri zaharrenetakoak direnak. Jentil-profeta inspiratuak Jaunaren bedeinkazioa berritzen dio Israel herriari. Azkenik, izen-bilketa berria egiten da eta aginduak eta argibideak ematen lurraldearen banaketarako.
Hau da, agian, Zenbakiak liburuaren gai adierazgarriena: herriaren basamortuko bidea; bide latza, herriak nekez jasaten duena: beldurra, nekea eta etsipena nagusitzen zaizkio. Ez du konfiantzarik Jainkoaren asmoan eta aurpegi ematen dio haren bitarteko den Moisesi. Zigorra ezarri arren, Jainkoak leial eutsiko dio bere agintzariari. Liburuaren hari nagusietako bat Biblian maiz errepikatzen den eskema hau litzateke: Jaunaren onginahia/desleialkeria eta bekatua/zigorra/damua eta konbertsioa/barkamena, eta onginahia berriro.
Eskema
—Israeldarrak Sinai basamortuan(1,1—10,10).
—Sinaitik Moab lurraldeko mugetara(10,11—21,35).
—Moabeko lautadan(22,1—36,13).

Currently Selected:

ZENBAKIAK SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy