YouVersion Logo
Search Icon

MATEO SARRERA

SARRERA
Nork eta noiz idatzia
Antzina-antzinako tradizioaren arabera, ebanjelio hau hamabietariko ikasle batek idatzia izango litzateke, Mateo (ik. 9,9) edo Lebi (ik. Mk 2,14) zerga-biltzaileak, alegia. Halere, segur aski, bigarren belaunaldiko eta judu-jatorriko kristau bat du egilea, grekoa zekiena eta I.Z.ari buruzko irakaspenetan ongi aditua.
Konposizio-datari dagokionez, K.o. 80-90 bitartean koka daiteke, 70ean gertaturiko Jerusalemen hondamendiaren ondoren, gertakizun hau behin baino gehiagotan aipatzen baita (21,41; 22,7; 23,37-38). Badirudi Siriako Antiokian idatzia dela ebanjelioa: grekoz egiten zen han eta hiriak judu-kolonia ugaria zuen; bazen han kristau-elkarte bat ere, lehenengoetakoa hain zuzen (Eg 11,19-30), bertan juduak eta jentilak berehala nahastu zirelarik; Pedrok garrantzi handia zuen elkarte hartan (Ga 2,11-14), Mateoren ebanjelioan bezalaxe (15,15; 16,16-19; 17,24-27).
Kanpo eta barru, egoera zailean bizi den elkarte batentzat idazten du Mateok.
Kanpora begira, juduekiko gatazka bizi dute kristauek. Izan ere, 70. urtean Jerusalem hondatu eta gero, fariseuak eta berauen ortodoxia gertatu ziren beste judu-talde eta joeren artean nagusi. Alde batetik, gero eta intrantsigenteago ageri dira fariseuak Jesusen jarraitzaileekin; bestetik, gero eta ugariago dira Jesusen mezua eta harenganako fedea judaismoaz aparteko gauza bezala ulertzen dituzten kristauak. Juduen eta kristauen arteko polemika eta konponezina oso nabariak dira ebanjelio honetan (ik. 23,1-11; 21,43). Etengabe Itun Zaharra aipatuz eta betekuntza-esaeren bidez, hitzemandako Mesias hura Jesus dela eta honek betetzen dituela agintzariak frogatu nahi du hasiera-hasieratik (1,22). Era berean, Jesusek eraikitako Elizak duela orain Israelen misioa agertu nahi du (21,43).
Barrura begira, berriz, elkarte-giroa epelduz doa, hasierako beroaldiaren ondoren: Jaunaren itzulera luzatzen ari da, eta Jesusen irakaspenak gogoratu behar ditu elkarteak nola bizi jakiteko, baita erakunde gisa antolatzeko ere. Elkarren zerbitzua du lege (18,12-14). Hasieran, judu-jatorriko kristauak ziren gehienak, baina jentilak ugariago gertatu ziren berehala; beraz, ez zetozen bat Moisesen legeari buruz (ik. 5,17-45; 15,1-20; 23,1-7), ezta Elizaren misioaren luze-zabalari buruz ere (ik. 10,5-6; 15,24; 28,18-20). Guztientzat elkargunea eskaini nahi du Mateoren ebanjelioak, tradizio desberdinak jasoz.
Ebanjelioaren hari nagusiak
Mateoren ebanjelioa Markosen eskemari lotu zaio, baina gai berri asko sartzen du, Jesusen hitzak batik bat. Mateorenean ageri den gauzarik nabarmenena bost hitzaldiena dugu, hitzaldi horietan tradiziotik jaso dituen irakaspen gehienak biltzen dituelarik: mendiko hitzaldia (5-7), misiorako irakaspenak (10), erreinuaren parabolak (13), elkarte-bizitzari buruzko hitzaldia (18) eta hitzaldi eskatologikoa (24-25). Gainera, ebanjelioaren gerriak Jesusen sorreraren historia darama aurretik (1-2), Markosenak ez bezala.
Sarrera bikoitza du (1-2 eta 3,1-4,16) Jesusen misterioa aurkezteko; aurkezpen horri esker, Galileako predikura iristean (4,17), badakigu jadanik nor dugun erregetza hots egiten duen Jesus hori. Aurkezpen horretakoak ez dira folklorezko kontakizunak, ezta Jesusen biografia baterako albiste jakingarriak ere, Jesusen misterioari buruzko teologi gogoeta jatorrak baizik, Pazko ondoko sinesmenaren argitan eginak. Sarrera bikoitzak Jesus Daviden Seme bezala (1-2 kap.etan Joseri ematen zaion egiteko nagusian ageri denez) eta Jainkoaren Seme bezala (3,17an, bataiokoan, goitiko mintzoak aitortzen duenez) aurkezten du.
Lehenengo kap.etan ematen zaizkigu jadanik, zirriborraturik, Jesusen misioa eta zoria bera. Jesus, Jainkoak hitzemana zuen Mesias (1,22-23), bere herrira doa hau salbatzeko (1,21); baina, jentilek -ekialdeko magoek- gurtzen duten bitartean (2,11), beraren herria urrun dago eta bertako erregeak hil egin nahi du (2,13). Jesusen ageriko predikua non hasi zen esatean, Mateok jentilen Galilea (4,15) dakarkigu gogora; izan ere, ilunpetan dagoen herriarentzat (4,16) izango da, azken batean, berri onaren predikua (28,19). Horra Mateoren ebanjelioaren gai nagusienetako bat: Israelen eta Elizaren arteko erlazioa.
Sarrera-aurkezpenari buruz aipatu dugun mezu-zirriborro hau ebanjelio guztian zehar zabalduko eta osatuko da. Ebanjelioaren gerrian, Jesusen misioa azaltzen digu Mateok. Jainkoaren erregetzaren mezularia dugu, erregetza hori hitzez (5-7) eta egitez (8-9) hots egiten duelarik. 10. kap.tik aurrera, erregetzaren mezuari eta Jesusi berari jendeak egingo dien harrerak edo ukoak markatzen du ebanjelioa. Jendea bere jarrerak azalduz doa: batzuk urrunduz doazkio, beste batzuk -ikasleen taldea- gero eta estuago elkartuz. Hauen esku utziko du Jesusek bere misioaren jarraipena (10); hauei agertu zaizkie erregetzaren misterioak (13,11) eta hauei eman zaie Jesusen beraren egiazko misterioa sinesteko dohaina (16,16-17). Hauek dira, Pedro buru dutelarik, Jainkoaren herri berriaren oinarri (16,18-19).
Hirugarren atalean, 16,21etik aurrera, Jesusen misioa Jerusalemgo azken zorira hurbilduz doan heinean, aipatutako kontrastea gogortuz doa. Jainkoaren nahia da, ukapena eta heriotza igaroz, Jesusek bere egitekoa betetzea (16,21; 17,22-23; 20,18-19). Aldi berean, Jesusek bere epaia ematen du, bai uko egiten dion herriaz (21,43), bai tenpluaz (24,2) eta bai erlijio-buruzagiez ere (23,33). Areago: bai Israelen, bai munduaren eta gizaki bakoitzaren historia, berarengan erabakitzen dela hots egingo du Jesusek, berarengan eskaintzen baitu Jainkoak azken salbamen-aukera (24- 25).
Nekaldi eta piztueraren kontaketa (laugarren atala), Jesusek irakaspen guztiak amaitu dituela esanez hasten da (26,1). Oraintxe egiaztatzen da krisi mesianikoa: Jesusen bahitzeaz, Pedroren ukapenaz, Jesusen epaiketaz eta gurutziltzatzeaz (26-27). Gizakiek kondenatu eta hil egiten dute, baina Jainkoak arrazoi ematen dio, bera berpiztuz (28).
Ebanjelioaren amaierak (28,16-20) ikasleen mundu guztirako misioa aurkezten digu; lurreko Jesusen -agindu dizuedan guztia- eta Jesus goraltxatuaren -ahalmen osoa eman dit Jainkoak- arteko segida azpimarratzen du. Juduak eta jentilak bilduz Jainkoaren herria bere betera eramatea: horra Elizak historian zehar eginkizun eta bokazio izango duen misioa, Jauna beti berekin izango duelako segurantzarekin (28,20).
Eskema
—Aurkezpena: Daviden Seme eta Jainkoaren Seme den Jesusen misterioa (1,1—4,16).
—Jesusen egitekoa: Erregetza hots egina eta agertua (4,17—16,20).
—Jesusen egitekoa. Krisi mesianikoa (16,21—25,46).
—Nekaldia eta piztuera (26,1—28,15).
—Konklusioa: Ikasleak mundu osora bidaliak (28,16-20).

Currently Selected:

MATEO SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy