YouVersion Logo
Search Icon

LUKAS SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Antzina-antzinatik uste izan denez, Lukas da hirugarren ebanjelioaren egilea, eta Lukas delako hori Pauloren ikaslea dugu, sendagilea (Kol 4,14; 2 Tm 4,11; Flm 24). Ebanjelioaren egilea eta Apostoluen Eginak liburuaren egilea, berriz, bat bera dira, bi liburuen hitzaurreek eta hizkuntza- nahiz pentsaera-antzak erakusten dutenez; halaxe uste izan da beti, bestalde. Baina egilea Pauloren ikaslea ote? Ez da segurua. Batetik, ebanjelioan ez da Pauloren ideia nagusirik nabarmen ageri eta, bestetik, Pauloren gutunen eta Apostoluen Eginak liburuaren arteko desberdintasunak nabarmenak dira.
Nolanahi ere, giro helenistan hezitako kristaua dugu egilea, bere garaiko literatura ongi ezagutzen eta grekoz bikain idazten duena. Palestinako geografia eta usadioak, aldiz, ez ditu batere zehatz ezagutzen. Halere, Itun Zaharra aise darabil eta Israeli egindako agintzarien oinordekotzat dauka bere burua (Lk 1,46-55.68-79).
K.o. 80-90 bitartean idatzi zuen ebanjelioa, bigarren kristau-belaunaldiko eta erromatar kultur eta politika-giroan bizi zen elkarte batentzat. Jesus zuzenean ezagutu zutenak galduak dira dagoeneko. Eta kultur giro berriak galdera eta premia berriak sortzen ditu. Elkarte barruan, berriz, hasierako sua itzaliz doa, Jaunaren itzulera luzatuz, bihotza aberastasunei emateko eta Jesusen segizioaren eskakizunak ahazteko arriskua areagotuz. Egoera horretan, ez da Jesusen esanak eta eginak ahalik eta zehatzen gogoraraztea bezalakorik. Horretan ahalegintzen da Lukas, baina berri ona historiaren barruan kokatzen eta garaiko kulturarekin uztartzen saiatuz (2,1-2; 3,1-2; Eg 17,28).
Jentil-jatorriko fededunentzat idazten du batik bat; hortik Palestinako geografiaren berri eman beharra (adib. 1,26; 4,31; 8,26; 23,51; 24,13), judu-usadioak azaldu beharra (adib. 1,9; 2,23-24.41-42; 22,1.7), legeari buruzko eztabaiden axolarik eza, jentilekiko ardura bizia, berpiztuaren gorputz-errealitatea azpimarratzea (24,39-43; azken puntu hau onargaitza zen grekoentzat; ik. Eg 17,32; 1 Ko 15).
Ebanjelioaren hari nagusiak
Hirugarren ebanjelioak, hainbat gauzatan aurreko bien antzekoa izan eta funtsean eskema berari jarraiturik ere, badu berezitasunik asko: berak bakarrik jaso dizkigun hainbat kontakizun (adib., Jesusen haurtzaroa: 1—2; Simon fariseuaren etxeko emakume bekataria: 7,36-50; Zakeo: 19,1-10; lapur ona: 23,40-43), zenbait mirari (adib., emakume baten sendakuntza: 13,10-17; hamar legendunen sendakuntza: 17,12-19), baita Jesus berpiztuaren zenbait agerraldi ere (adib., Emausko ikasleena: 24,13-35), eta hainbat eta hainbat parabola, ebanjelioetako esanguratsuenak (adib., samariar ona: 10,30-37; aberats zentzugabea: 12,16-21; aita eta bi semeak: 15,11-32; aberatsa eta Lazaro: 16,19-31; fariseua eta zergalaria: 18,9-14). Errukiaren ebanjelioa dugu, Jainkoak gaixo, behartsu eta bekatariei dien maitasun ezti eta doakoa inork baino hobeto azaltzen diguna.
Halere, Lukasen ebanjelioaren gauzarik bereziena beste hau dugu: obra zabalago baten lehen partea dela, alegia, bigarren partea Apostoluen Eginak liburua delarik. Ez dago bi liburuen hitzaurreak irakurri besterik: bigarrenak lehenengoa aipatzen du (Eg 1,1) eta biak Teofilo delakoari zuzenduak dira; beraz, biak egile berarenak dira eta, egia esan, egituraz eta asmoz bakarra den liburu baten bi zati. Bi liburukion bidez, salbamen-historiaren ikuspegi zabala eskaintzen digu Lukasek, historia horrek hiru garai dituelarik: prestaketa-garaia (Israel), historiaren erdigunea (Jesus) eta misio-garaia (Eliza). Jesusekin hasitako salbamen-garaiak Elizaren historian eta misioan jarraitu behar du, salbamena gizaki guztiei eskainiz.
Ebanjelioa hitzaurre batez hasten da (1,1-4). Bertan, liburua zer den eta nola egin duen azaltzen digu idazleak, hau da, iturriak (apostoluen testigantza, ahoz nahiz idatziz jasoa), metodoa (informazio-iturriak ardura guztiaz aztertzea) eta idazkiaren xedea (kateketikoa, Teofilo edo kristau-elkartea sinesmenean finkaraztea).
Jesusen lehen aurkezpenak (1,5—4,13) bi sail desberdin ditu. Haurtzaroko kontakizunek (1,5—2,52) ez dute paralelorik beste ebanjelioetan. Joan Bataiatzailea eta Jesus aurkezten dizkigu, bien haurtzaroko gertakizunak paraleloan jarriz eta Jesusekiko Joanen mendetasuna azpimarratuz. Kapitulu hauetan, goi-mezu eta profezia batzuen bidez azaltzen digu Jesusen misterioa: Espirituaren bidez sortua da, santua, Jainkoaren Semea (1,35); salbatzailea eta Mesias Jauna (2,11); nazioentzat salbamen eta argia (2,30.32), bere herriarentzat «erorbide edo altxabide izateko ezarria», «eztabaida sortuko duen seinalea» (2,34-35). Bigarren sailean ere (3,1—4,13), Jesusen misterioa aurkeztuz jarraitzen du, Joan Bataiatzailearen, aitzindariaren, jarduna eta bataio ondoko gertakizunak direla bide: Espirituaren etorreraz eta goi-mintzoaz («zu zaitut neure Seme maitea») (3,21-22), Jesus Mesias bezala ezarria izan zen.
Basamortuan tentaldia jasan ondoren (4,1-13), Jesus Galileara itzultzen da eta bere ageriko jardunari ekiten dio. Ageriko jarduera hori Nazareteko sinagogan hasten da, agerraldi programatiko batez (4,16-30), berau ebanjelioan ondoren datorren guztiaren bilduma delarik: Jesusengan, Espirituak gantzutu duen eta behartsuei berri ona hots egitera bidalia izan den Mesiasengan (4,18-19), datorkigu salbamena. Liburu Santuak bete dira (4,21). Salbamena jentilentzat ere zabalik dagoelako mezuak (4,24-27) bere jaioterrikoen pertsekuzioa sortzen dio (4,28-29), bere herri Israel osoaren aldetik jasan beharko duen pertsekuzioaren irudi.
Hirugarren atala, «Jerusalemera bidean» izenburua duena (9,51—19,27), da Lukasen bereziena. Bertan jaso digu, Jerusalemerako bidea ardatz dela eta honen inguruan, beste ebanjelioetan han-hemenka zabaldurik dagoen material asko, baita bereak bakarrik dituen eta lehen aipatu ditugun zenbait parabola ere. Atalaren buruan, esaldi biribil batean, Jesusek Jerusalemera, bere misioa burutuko duen hiri santura, joateko erabakia agertzen digu (9,51). Bidaia hau ez da Lukasek eratu duen literatur marko artifizial bat besterik, era askotako materialak sailean bildu eta Pazko-argitan jartzea helburu duelarik. Gehienbat ikasleei zuzenduriko katekesi luzea dugu atala; Pazko ondoren berri ona nola bizi eta hots egin irakatsi nahi die ikasleei.
Jerusalemgo ministerioa (19,28—21,38) eta nekaldiaren kontaketa (22—23) beste ebanjelioen eskemari jarraituz ematen dira gehienbat. Hala ere, azken afariaren kontaketa luzaturik dakarkigu Lukasek, ikasleentzako zenbait aholku, oharpen eta agintzari erantsiz (22,14-38). Lukasen arabera, nekaldian bertan ere, errukizko egintzak eginez jarraitzen du Jesusek (23,28-31.34.42-43).
Pazko-gertakariak (24) erabat Jerusalemen kokatuak ditugu. Jerusalemen burutu du Jesusek bere misioa, eta Jerusalemdik abiatuko da kristau-mezua, Apostoluen Eginak liburuaren arabera. Jerusalem dugu, bada, Lukasen obrako bi zatien ardatz. Pazko-kontakizun horiek, Jainkoak Mesias bere aintzara eramateko aukeratu duen bide bezala agertzen digute nekaldia (24,26), Jesusek aurrez adierazitako (24,7) eta Liburu Santuetan iragarritako (24,25-27.44-46) Jainkoaren borondate bezala.
Apostoluen Eginak liburua hasiko den bezalaxe bukatzen da ebanjelioa: apostoluen misio eta testigu gisa ezartzeaz, Espirituaren agintzariak eta berpiztuaren jauntasuna agertzen duen igokundearen lehen aipamenaz (24,48-53).
Eskema
—Hitzaurrea. Eskaintza (1,1-4).
—Jesusen aurkezpena (1,5—4,13).
—Galileako misioa (4,14—9,50).
—Jerusalemera bidean (9,51—19,27).
—Jerusalemen (19,28—23,56a).
—Piztuera eta igokundea (23,56b—24,53).

Currently Selected:

LUKAS SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy