YouVersion Logo
Search Icon

2 SAMUEL 22

22
Davidek Jaunari esker ona
1Jaunak bere etsai guztietatik eta Saulen eskuetatik askatu zuenean, gorazarre#22,1 Gorazarre hau 18. Salmoa bera da ia. hau kantatu zion Davidek Jaunari:
2«Jauna da nire haitza,
nire geriza,
bera nire askatzailea,
3ene Jainkoa
nire harkaitz babesgarri,
nire babeski eta indar salbatzailea,
nire gotorlekua,
nire ihesleku eta salbatzailea.
Zuk nauzu indarkeria-zaleengandik salbatzen.
4Goretsia Zu!
Dei egin nion Jaunari,
eta etsaiengandik salbatu ninduen.
5Herio-uhinek inguratu ninduten,
uholde gaiztoek ikaratu;
6herio-leizeko lokarriek
ninduten lotu,
herio-sareek harrapatu.
7«Larrialdian dei egin nion Jaunari,
dei ene Jainkoari.
Eta aditu zuen bere tenplutik
nire oihua,
haren belarrietaraino heldu zen
nire deiadarra.
8Ikaratu zen lurra eta dardaratu,
zeruaren oinarriak mugitu,
Jainkoaren haserreak
baitzituen astindu.
9Kea zerion sudurretik,
su kiskalgarria, ikatz goriak ahotik.
10Ireki zuen zerua eta jaitsi zen,
oinpean hodei-lainoa zekarren.
11Hegan zihoan
hegaldun izakien gainean,
haize-hegaletan agertu zen.
12Bere inguruan
etxolatzat hartu zituen ilunpeak,
hodei-laino euritsuak.
13Haren aurrean distira,
su-garretan ikatz goriak.
14«Ortzitik trumoia
joarazi zuen Jaunak,
deiadar egin Goi-goikoak.
15Geziak jaurtiz sakabanatu zituen,
tximista eginez ihes eragin.
16Itsas hondoa agertu zen,
lurraren oinarriak agerian jarri
Jaunaren orroaz,
haren haserre-ziztuaz.
17«Goitik eskua luzatuz hartu ninduen
eta uholdetik atera.
18Etsai indartsuagandik
salbatu ninduen,
ni baino indartsuago ziren arerioengandik.
19Lur joa nengoenean eraso zidaten,
baina Jauna izan nuen euskarri.
20Zabaldira atera ninduen,
maite nauelako libratu.
21«Neure zuzentasunaren ordaina
eman dit Jaunak,
neure jokabide garbiaren saria.
22Jaunaren bideari jarraitu baitiot,
ez naiz Jainkoarengandik urrundu.
23Haren aginduak oro
aurrean izan ditut beti,
eta ez naiz saihestu
haren arauetatik.
24Haren aurrean zintzo izan naiz,
ez dut batere bekaturik egin.
25Neure zuzentasunaren ordaina
eman dit Jaunak,
beraren begietan
garbi jokatu dut eta.
26«Leialarentzat leial zara,
zintzoarentzat zintzo,
27asmo garbikoarentzat garbi,
asmo txarrekoarentzat zorrotz.
28Zuk duzu herri zapaldua salbatzen,
eta harroputzen handikeria makurrarazten.
29Zu zaitut argi-zuzia, Jauna;
zuk argitzen duzu, Jauna,
nire ilunpea.
30Zure laguntzaz
ihes eragiten diot gudari-taldeari,
zurekin, ene Jainko,
harresiak igarotzen gainetik.
31«Jainkoaren bidea on-ona,
Jaunaren hitza sinesgarria.
Bera da
harengana jotzen dutenen babesa.
32Nor Jainko, Jauna izan ezik?
Nor harkaitz babesle,
gure Jainkoa izan ezik?
33Jainkoa dut gordeleku indartsu,
bide zuzenetik ibilarazten nau.
34Oreinarenak bezain arin
dizkit oinak egin,
eta neure tontorretan
sendo nau ezarri.
35Trebatzen dizkit eskuak gudurako,
eta besoak
brontzezko uztaia tenkatzeko.
36Babeskiak bezala gorde nauzu
eta salbatu,
erantzun didazu eta indartsu egin.
37Bidea zabalagotu didazu
eta nire oinak ez dira oztopatu.
38«Etsaiak pertsegitu nituen
eta triskatu,
eta ez nintzen itzuli
denak suntsitu arte.
39Suntsitu nituen eta desegin,
ez ziren aurrerantzean jaiki;
nire oinazpira erori ziren.
40Indarrez jantzi ninduzun gudurako,
menpean jarri zenizkidan arerioak.
41Nire etsaiak ihesi jarri zenituen,
gorroto nindutenak hondatu nituen.
42Begiratu zuten, baina inork salbatu ez;
Jaunarengana jo,
baina hark entzun ez.
43Lurreko hautsa bezala
xehatu nituen,
kaleko lokatza bezala
oinpean zapaldu.
44«Ene herriaren liskarretatik
atera ninduzun,
atzerritarren buruzagi izendatu.
Herri ezezaguna
jarri zitzaidan zerbitzari,
45arrotzek lausengatzen ninduten,
entzuten zidaten eta esana betetzen.
46Atzerritarrak kikildu egin ziren,
eta beren gordelekuetatik
dar-darka irten.
47«Gora Jauna,
bedeinkatua ene harkaitza!
Goretsia Jainkoa,
salbatzen nauen haitza!
48Ene Jainko, zuk mendekatu nauzu,
herriak menpean jarri dizkidazu.
49Etsaien artetik atera nauzu,
oldartzen zaizkidanen gainetik jaso,
gizon zakarrarengandik askatu.
50«Horregatik, Jauna,
atzerritarren artean goresten zaitut,
zure omenez kantatzen dut.
51Garaipen handiak eman dizkio
bere erregeari,
maitasunez jokatu du
bere gantzutuarekin,
Davidekin
eta beraren ondorengoekin betiko».

Currently Selected:

2 SAMUEL 22: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy